Los Reyes del K.O.
ASIER LEOZ Berria 2007-02-01
Bluesa genero bezala jorratuta, ohikoa izaten da puntutara galtzea (maiz) edo irabaztea (bakar batzuetan). Horregatik, bereiziki poztekoa da taldearen lan berri hau lehen kolpean irabazten duten horietakoa izatea. Jakin bagenekien Marcos Coll eta Adrian Costa azken ukitura arte ari zirela euren hirugarrena zaintzen, baita bertan luxuzko musikariak ariko zirela ere, baina disko berrian lortutakoak aurreikuspenak gainditu ditu. Hau azken urte mordoan inguruan egin den blues diskorik onena da; The Allnighters, Caledonia Blues Band eta beste gutxi batzuen alboan beldurrik gabe jartzeko modukoa.
Bluesa aipatu dut, hori delako diskoa alde batetik bestera zeharkatu duen haria, baina lan honetan bluesa kontzeptu zabalean landu dute; Marcos Collen aho soinuak rhythm & blues, soul eta swing uneak ekarri ditu diskora. Bestalde, Adrian Costa abeslari moduan bikain aritu da, musika eremu hauetan oso zaila bada ere. Cool Cool Mama, Eddie C. Campbell zenak idatzia edo Michael Jacksonen The Way You Make Me Feel lekuko. Christian Rannenberg alemaniar pianistak lan fina egin du; berak idatzia da Herb Smoking bizia, Herb Hardestlyri idatzia eta Herben beraren saxo tenorra parte hartzaile daukana. Gainera, berak hartu du bere gain lan honen ekoizpen ardura ere, diskoaren beste puntu indartsua. I Can't Cry, Van Morrison bera pozik utziko lukeen orkestazioarekin; La Paloma doinu kreolean, Los Lobos taldearen unerik onenak gogora ekarriz; The Great Googa Mooga, non Guitar Crusher abeslaria Muddy Watersen ur nahasien gainean dabilen putzuetan sartu gabe; Rollin And Tumblin, scratch festa eta guzti... disko harrigarri honen amuak horiek izan daitezke lehen entzunaldian, baina hortik aurrerakoetan Coll eta Costa jaunen taldearen lan hau ezinbestekoa bihurtu da.
Hot Tin Roof. Gaztelupeko Hotsak. www.losreyesdelko.com
|