EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTAK

ALBISTEAK

KONTZERTUAK

KONTRATAZIOA

DISKOETXEA

DENDA


Errabal (Jazz)

Blues

Literatura

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Harpidetu boletinera


 Zuzeneko buhameak bueltan
hemeroteka2
Zuzeneko buhameak bueltan


Karidadeko Bentak hirugarren diskoa aurkeztu du, musikaren xarma aldarrikatzeko asmoz

maite asensio

Bilbo Berria 2007-11-29

Zaharrak eta umeak elkarrekin, mikrofonoa libre edozeinentzat, ardoa lasai edaten... eta oso kaleko espirituarekin, garai bateko herri orkestinaren espirituarekin. Horrela aurkeztu zuen atzo Karidadeko Bentak bere hirugarren diskoa, San Quirico (Gaztelupeko Hotsak), kalea hartuz, eta kalean jotzeak dakarren xarma berreskuratuz.

Klarinete, perkusio tresna eta panpinen artean, aurpegi ezagun bat nabarmendu zen: Jon Maia bertsolariak ahotsa jartzen die abestiei, eta hitzak taldeari. Haren ondoan, Jon Mantzisidorrek, Aran Santamariak, Inazio Tolosak, Imanol Manterolak eta Dometx Uzinek osatzen dute seikotea. Musikagile aldartetsuak dira, hainbat musika tresna jotzeko gai, baina batez ere, sortzaileak.

San Quirico izeneko hau Karidadeko Bentaren hirugarren diskoa da. Izenburua Toscanako (Italia) herri txiki bati zor diote. Jon Maiak azaldu zuenez, bertan bizitako esperientziak euren nortasunaren isla argia dira: Hara egindako bi bidaietan festa handiak egin genituen, herriko taberna bakarreko patioan, umeekin, aitona-amonekin, ardotan kantatzen, eszenatokirik gabe... orduak pasatu genituen kantuan, eta han sentitu ginen erabat gure lekuan.

Eta hori da, hain zuzen, Karidadeko Bentaren proposamena: jende artean, taldea eta publikoa bereizi gabe, emanaldia egitea, musika jai bihurtzeko. Izan ere, horrela sortu zen taldea, duela ia sei urte: Jolasean hasi ginen, dibertimendu moduan eta zorionez ez dugu espiritu hori galdu, hain zuzen ere, horretan sakondu dugu, zioen Maiak. Ez daukagu bestelako markarik egiteko pretentsiorik, guk ondo pasatu dugu, jendeak ondo pasatu du gurekin, eta horrek ekarri gaitu honaino.

Bereziak dira oso Karidadeko Bentaren zuzeneko emanaldiak, taldearentzat aberasgarriak eta ikusleentzat berritzaileak. Igorleen eta hartzaileen arteko ohiko hesia hausten dute, bien arteko komunikazio zuzena bultzatzen baitute. Jon Maiak, bere bertsolari izaerari jarraiki, ezin dio inprobisazioari eutsi eta bat-bateko abesti pare bat kantatzen du beti, jendearen artean sartuz, ikusten duenaz mintzatuz... Eszenatokia desagertzen da, publikoak saioan parte hartzen du eta atmosfera berezia sortzen dute denen artean. Ez da egungo musika formuletan egokitzen den proposamena, eta horregatik pozten gaitu jarraitzaileak ditugula ikusteak.

Izan ere, inprobisazioa ez da letretan bakarrik gelditzen, arlo guztietara luzatu dute. San Quiricon gertatu zitzaien bezala, musika jotzeko aukera edozein lekutan ager daiteke, edozein momentutan, edozein jenderen artean. Horrela bizi du talde honek musika.

Disko berriak espiritu hau islatzen duten 11 kantu aurkezten ditu. Horien artean euskal musikaren historian leku aparta duten bi abestiren bertsioak: Xoxua eta Itsasontzi baten. Bi klasiko hauek ardatz hartuta, doinua birmoldatuz eta letrak eguneratuz, gizartearen hainbat errealitate marraztu dituzte. «Gure kantuak komikiak bailiran sentitzen ditugu: lotsagabeak, kritikoak, satirikoak, baina sofistikaziorantz jo gabe, baizik eta kalekoa, hurbila, errealitatea eta fantasia batzen dituzten kantuak dira».

San Quirico Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokaren egitarauaren barruan aurkeztuko dute. Abenduaren 7an izango da, Durangoko Kafe Antzokian, Pata Negra taldearekin batera egingo duten emanaldian. Beste kontzerturik ikusteko, ordea, otsailera arte itxaron beharko dute zaleek.

MAKILLAJERIK GABE. Karidadeko Bentaren diskoetan edota emanaldietan entzuten den musikak ez du egungo doinuen antzik, eta teknikari dagokionez ere soinu hurbilagoa eskaini nahi du seikoteak. Jon Maiaren hitzetan, «gaur egun jendea oso kantu sofistikatuak entzutera ohituta dago, makina eta makillaje askorekin. Gu goizean esnatzen garen bezala ateratzen gara, ileak nahastuta eta makillajerik gabe, gu geu garen bezala, oso era naturalean».

Hori dela eta, Karidadeko Bentaren kantuak ez dira erraz definitzen, ez baitiote genero jakin bati erantzuten. «Egunero gabiltza gure burua berrasmatzen eta jendeak hori asko eskertzen digu, gure emanaldietara etorri eta zerbait desberdina ikusten dutelako eta ondo pasatzen dutelako».

Garai bateko herri-orkestraren espiritua eta estiloa berreskuratu du Karidadeko Bentak, inguruko musika moldeak xurgatu eta eraldatuz, eta musika tresna tradizionalez baliatuta, estilo berezia sortu dute, soila eta umila, baina era berean orijinala, askea, ironikoa, lotsagabea, hauskorra eta ausarta. Jon Maiak berak atzo esan zuen bezala, «sailkatzeko zaila baina, aldi berean, ezagutzeko erraza dena».


KARIDADEKO BENTA





Kontzertuak


Hemeroteka


Argazkiak


Hemeroteka 2


Webgunea


ARTISTAK
· 7 SÓIS 7 LUAS
· BELCEBLUES
· BIDE ERTZEAN
· BLUEDAYS
· CONXITA
· COOL CIRCUS
· ERRABAL JAZZ JAIALDIA
· EL DOGHOUSE
· ESNE BELTZA
· GABY JOGEIX
· GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
· HOTSAK DANTZAN
· JIMMY BIDAURRETA
· JJBAND
· J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
· JERONIMO MARTIN TRIO
· JOSERRA SENPERENA
· JUAN DE DIEGO TRIO
· KANEVSKY
· KARELEAN
· KATAMALO
· KEMEN LERTXUNDI
· KEU AGIRRETXEA
· KOKEIN
· LOS CORONAS
· LOS REYES DEL K.O.
· MAMBA BEAT
· MARTA SANCHEZ TRIO
· MORAU
· OSTOLAZA ETA PUJANA
· PETTI
· ROGELIO BOTANZ
· SEÑOR NO
· SEXTY SEXERS
· SPECIAL 20
· SURFIN KAOS
· TAPIA ETA LETURIA
· TERELA GRADIN QUINTET
· THE BLIND LEMONS
· THUNDER EXPRESS
· TIGER! TIGER!
· TRES MIL HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· UEK
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Euskal Herria) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

ES EN FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du