KULTURA | uztarria.com | 2008/03/6
56. gelatik diskoa hamar abestik osatzen dute
Karelean taldeak bihar, ostirala, zuzenekoa eskainiko du Gaztetxean, Uztarriaren jaialdian

Karelean taldeak Zestoako Gaztetxean eskaini zuen bere lehenengo zuzenekoa, 2006an.
Karelean musika taldeak bere lehen diskoa aurkeztu berri du: 56 gelatik. Hamar abestik osatzen dute diskoa. Horietatik hiru ingelesez egin dituzte eta gainontzekoak euskaraz.. Diskoaren izena, berriz, Xabier Bordak idatzitako olerki baten ondorioa da: Hotel bateko 56. gelatik bakardadeaz idatzitako olerkia da, Bordaren arabera.
Kantuetan rock doinuak nagusi badira ere, doinu horiek era askotako ukituekin nahasi dituzte Kareleanekoek. Hala, musika elektronikoa, bossanova, aire flamenko eta arabiarrak eta poesia errezitaldiak uztartu dituzte disko honetan.
Olatz Prat, taldeko abeslariak, idatzi ditu kantu gehienen letrak, hiru izan ezin: Xabier Bordak idatzi du 56. gelatik kantuaren letra; Karelean Patxi Zabaletarena da eta Ezaren semeak, berriz, Xabier Leterena.
.2004an sortu zuten Karelean taldea Azpeitia eta Zestoa aldeko lagun batzuek eta Zestoako gaztetxean eskaini zuten beraien lehenengo zuzenekoa. 2006an, Euskadi Gazteko maketa lehiaketan irabazle atera ziren.
|