2006an Zestoan eman zuten lehen kontzertua eta orain argitaratu berri dute 56. gelatik lan berria.
nerea lizarralde Irutxuloko Hitza 2008-02-29
Joseba Illarramendi (eskusoinua eta ahotsa), Bitti Tena (baxua), Raul Olaizola (gitarra), Olatz Prat (ahotsa) eta Aitor Korta (bateria) dira Karelean. Lehenengo hirurak Zestoako Lin Ton Taun talde ezagunean aritu ziren 90. hamarkadan eta beraiek izan ziren Karelean sortzeko lehen urratsak eman zituztenak, duela lau urte inguru. Ondoren batu ziren Karelean proiektura jazz munduan ibilitako Olatz Prat abeslaria eta Ttakunpa taldeko Aitor Korta. 
Rock taldea dira baina disko honetan hainbat estiloetako pintzeladak daude: musika elektronikoa, flamenkoa edo etnikoa, esaterako. Eskusoinua Kareleanen ezaugarri berezia da, Lin Ton Taun taldean bezala, baina Karelean ez da Lin Ton Taunen errautsetatik sortu, ez da jarraipena. «Ez diogu mugarik jartzen taldearen musikari. Modu naturalean sortu ditugu abestiak eta soinuak», azaldu dute diskoaren aurkezpenean.
Presarik eta beldurrik gabe egin dute 56. gelatik diskoa. Azpeitiko Lobo estudioan grabatu zuten Iosu Zubizarreta teknikariarekin. «Lau urtetan egindakoaren emaitza da gure lehen diskoa. Oso gustura egin dugu lan lagunartean eta jende ezagunarekin egin baitugu lan guztia», esan du Olatz Pratek.
|