Taldeak 56. Gelatik lehenengo diskoa kaleratu du nahiz eta duela lau urte hasi ziren lanean
Ane Azurmendi Berria Donostia
Karelean taldea duela lau urte hasi zen lanean eta 56. Gelatik aurkeztu berri duten diskoa da haien lehenengo lana. Lagunartean egindako diskoa dela diote taldekideek. Diskoa ateratzeko presarik ez dute izan. Atera zaigun bezala egin dugu, modu naturalean, azaldu du Olatz Prat taldeko abeslariak. Rock estiloko doinuek osatzen dute diskoa, baina rock zabala da, aurreiritzirik gabea. Zer estiloko musika egin nahi zuten definitu gabe hasi ziren diskoa egiten. Lau urteetan sortu denaren emaitza dela azaldu du. Ez diogu gure buruari mugarik jarri, ideia bati ez diogu mugarik jarri, argitu du Joseba Ilarramendik, taldeko soinu jotzaileak. Kareleanen errepertorioan rockaz gain, bossanovak, musika elektronikoak, poesia errezitatzeak eta aire flamenko eta arabiarrek lekua dute.
Joseba Illarramendik (eskusoinua eta ahotsa), Bitti Tenak (baxua), Raul Olaizolak (gitarra), Olatz Pratek (ahotsa) eta Aitor Kortak (bateria) osatzen dute taldea. Lehenengo hirurak Lin Ton Taun taldean aritu ziren. Baina argi utzi nahi izan dute talde berria ez dela Lin Ton Taunen jarraipen bat. «Bost musikarien esperientzia, ezagutza eta eragin anitzak batuz eta elkarren osagarri eginez nortasun propioa hartu duen taldea da». Hala ere, Lin Ton Taunen bezala Karelean taldean ere eskusoinuaren doinuak erabili dituzte. Rock estiloko taldeetan ezohikoa izan arren. Hasieratik garbi genuen eskusoinua erabiltzea. Soinuan desberdintzea lortzen dugula uste dugu eta gustatzen zaigu.
Prat abeslaria Zuri&Beltz jazz bikotean aritutakoa da, eta egun Lantz folk taldeko kantaria ere bada. Korta, berriz, Ttakunpa taldeko partaidea da. Diskoa Azpeitiko (Gipuzkoa) Lobo estudioan grabatu dute Iosu Ziarreta soinu teknikariarekin. «Hilabetez aritu gara estudioan lanean eta etxean bezala sentitu gara», azaldu du Illaramendik.
Hamar abestik osatzen dute diskoa, besteak beste, Eroriko zara, My Skin, Ezaren semeak eta karelean. Diskoan hainbat kolaborazio eduki dituzte, hala nola Antonio Lizanarena (saxofoia), Mikel Aveirorena (kongak) eta Grises Sueños taldearena (programazioak). Karelean abestiaren letra Patxi Zabaletarena da, 56. Gelatik Xabier Bordarena, Ezearen semeak Xabier Leterena eta gainontzekoak Kareleanenak berarenak.
IZENA, OLERKI BATETIK.
Patxi Zabaletaren olerki batetik atera dute taldearen izena. «Lurrak eta zeruak elkartzean ukitzen duten tokian, karelean...». 56. Gelatik diskoaren izena, berriz, Bordak idatzitako olerki baten ondorioa da, Hotel bateko 56. gelatik bakardadeaz idatzitako olerkia da.
Taldearen leku naturala zuzenekoa dela argi utzi dute. Zuzenean libreago gara. Guztioi gustatzen zaigu inprobisazio apur bat, kaos apur bat. Nahiz eta, batzuetan ondo ateratzen den eta beste batzuetan gaizki. 2006an eman zuen lehenengo kontzertua Karelean taldeak, Zestoako gaztetxean (Gipuzkoa). Orduan, 2006an Euskadi Gaztean irabazitako lehiaketako maketaren aurkezpena egin zuten. Hala ere, bost taldekideak ohituta daude agertoki gainean egoten, eta momentuan nahi dutena egitea gustatzen zaie. Benetako, Karelean agertokian ikus eta entzun daiteke, dio Pratek.
Hamar abestitatik hiru ingelesez egin dituzte eta gainontzekoak euskaraz. Pratek egiten ditu letrak eta taldekideak doinua osatzen ari direla, momentuan idazten ditu. Hitzak etortzen zaizkidan bezala idazten ditut. Hizkuntzari eta gaiei ez diet mugarik jartzen.
Zuzenekoan ezagutu daiteke benetako Karelean; guztioi gustatzen zaigu inprobisazio apur bat
raul olaizola
karelean-eko gitarra
|