jon urbe ikor kotx argazkilaria
Rock&Klik Euskal Herrian argazki liburua aurkeztu zuen atzo Jon Urbek, musika taldeen argazkiekin osaturikoa
iban iza
Pozik eta hunkituta zegoen atzo Jon Urbe Meme (Errenteria-Orereta, 1969) argazkilaria. Argazkilaritzaren munduan Ikor Kotx gisa ezagutzen dute gehienek. Bizi erdia baino gehiago argazkilaritzari eskaini ondoren, lehen argazki liburua aurkeztu zuen atzo Hernaniko Bodega tabernan, lagunez inguratua. 200 argazki baino gehiagoz osatutako bilduma ederra da Rock&Klik Euskal Herrian, indartsua. Gure herriko musikaren baitako talde zein bakarlari garrantzitsuenek tokia izan dute bertan, baina asko liburutik at geratu dira, «tokirik ez zegoelako», Urbek berak aitortu zuenez. 80. hamarkadatik hona egindako argazki gogoangarriak azaltzen dira Gaztelupeko Hotsak-ek argitaratutako liburu honetan: La Polla Recors taldeko Evaristorenak, Hertzainak-eko Garirenak, Fermin Muguruzarenak, eta beste hamaikarenak. Hitzaurrean, justuki, Fer- min Muguruza eta Fernando Sapo ÐKuraia taldekoaÐ musikagileen hitzak aurki daitezke, eta Jon Garmendia Txuria idazle eta bertsolari eta Iker Barandiaran kazetariarenak.
Argazki liburuak ez dira batere ohikoak gurean. Nondik atera zaizue ideia hau?
Argazki liburu bat baino gehiago aurkeztu dugu; argazki liburu bilduma bat, eta nirea da lehen liburua. Garrantzitsua da hori, zuk diozun bezala, argazki liburuak egitea hemen oso zaila baita. Liburu honek berak ere borroka handia suposatu du; eta saiatuz, azkenean, bilduma ere argitaratuko da.
Argazki bildumak, ordea, are ezohikoagoak dira.
Bai, baina hori da falta zena. Oso tarteka ateratzen dira, eta tematika ere beti antzekoa: mendia, euskal kultura edo jaiak... Eta hori oso ondo dago, baina asmoa da hori zabaltzea, eta argazkia bera da helburua. Argazkiak izango dira bildumaren lotura.
Hain zuzen, esaten dute argazkilari ororen ametsa dela bere irudiak liburuan argitaratuak ikustea.
Amets asko daude. Baina, egia esan, liburu honekin, egunkariko lehen orriko argazkia lortzen duzunean bezalako sentsazioa izan dut; zirrara edo poza hori.
Zuri-beltzean nahiz koloretan argitaratu dituzu argazkiak. Formatu bakoitzak bere xarma dauka, ezta?
Denetik dago, bai, eta material aldetik baita ere: zuri-beltzean, diapositibak, koloretako negatiboak, formatu digitalera eskaneatuak... Jende asko ez da horretaz ohartuko, baina argazkilari direnek ere ikusiko dute hori islatua liburuan.
Bilduman ikus daitezkeen irudi guztien artean, zein duzu gustukoen?
Ez dakit, asko eta asko oso kuttunak baitira. Azken finean, argazki guztien atzean beti dago istorio bat. Argazkian ikusten da nik azaltzea lortzen dudana, baina istorioaren zati handi bat ni eta argazkian agertzen denaren artean gelditzen da. Niretzat gehiago dira, agian, irudian baino, irudiaren atzean dauden istorioak. Adibidez, oso laguna bilakatu den jendea ikus daiteke argazkietan, baina gaur egun ez dagoena.
|