EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTAK

ALBISTEAK

KONTZERTUAK

KONTRATAZIOA

DISKOETXEA

DENDA


Errabal (Jazz)

Blues

Literatura

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Harpidetu boletinera


 Biografia
Gainsbourg

SERGE GAINSBOURG - Ibilbidea

Lucien Ginsburg 1928ko apirilaren 2an jaio zen Parisen, Errusiako boltxevikeen iraultzatik ihesiz Frantziara iritsitako familia judutar batean. Hortaz, naziek Paris hartu ondoren izar horia arropan itsatsita eraman behar izan zuten milaka judutarretariko bat izan zen. Aitaren erabakiz, izena frantsestu eta Serge Gainsbourg bihurtu zen. Aita Joseph pianista zen Pigalleko night-clubetan, eta ama Olia kontserbatorioan abesten aritua zen. Etxean Bach, Stravinski, Chopin, Gershwin eta Porterren diskoak entzunez hazi zen, eta pianoa eta gitarra jotzen ikasi zuen. Haatik, pintore izan nahi baitzuen Arte Ederretako ikasketak hasi zituen, arrakasta handirik gabe. Aitak bultzatu zuen musikaren bidea hartzera, eta kasino eta kabaretetan pianoa jotzen eman zituen lehen urratsak, jazza deskubritzen zuen aldi berean. Boris Vian ezagutzea erabakigarria izan zen bere kantuak idaztea erabakitzeko, eta 1958an lehen diskoa grabatu zuen, Du chant à la une. Hura entzun ondoren, Boris Vian bera izan zen Serge Gainsbourgren talentua aupatzen lehena.
Hurrengo urteetan emakumezko abeslarientzat (Juliette Greco, Michèle Arnaud, France Gall, Françoise Hardy...) idatzitako kantuek ekarri zioten ospea gazteen artean. Horietako batekin, Poupée de cire, poupée de son, 1965eko Eurovision jaialdia irabazi zuen France Gallek. Ordurako beste hainbat disko zituen kalean: L'étonnant Serge Gainsbourg (1961), Gainsbourg confidentiel (1963) eta Gainsbourg percussions (1964), besteak beste. 1967an Brigitte Bardot aktorearekin harreman labur baina beroa partekatu zuen, Initials B.B. (1968) diskoaren sorburu izan zena. Bikoteak grabatu zuen Je t'aime mois non plus kantuaren lehen bertsioa, baina ez zen argitaratu, Bardotek berak hala eskatuta. Jane Birkin ezagutu ostean harekin berriz grabatu zuen eta Jane Birkin-Serge Gainsbourg (1969) diskoan argitaratu zen.
Kantuaren oihartzuna itzela izan zen mundu osoan, bere eduki erotikoa zela-eta hainbat herrialdetan debekatua izan arren. Birkin eta Gainsbourgen arteko harreman sentimentalak hamar urte iraun zuen; tarte horretan, hainbat disko eta filmetan kolaboratu zuten, Charlotte alaba mundura ekartzeaz gain.
70eko hamarkadan, hainbat filmetarako soinu bandak sortzeaz gain, lau disko esanguratsu grabatu zituen: Histoire du Melody Nelson (1971) po(p)ema sinfonikoa, Vu de l'exterieur (1973), Rock around the bunker (1975) -antisemitatzat jo zuten, nazien estetika bereganatzeagatik-, eta L'homme à tête de chou (1976). 1979an Frantzia osoa aztoratu zuen berriz ere, Jamaikan Bob Marleyren musikariekin grabaturiko La Marseillaise ereserki nazionalaren reggae bertsioarekin (Aux armes et caetera).
Sakrilegio hark protestak eta mehatxuak ekarri zizkion, baina aldi berean arrakasta handia izan zen diskoa, 500.000 aletik gora salduta.
80ko hamarkadan funk eta dantzarako doinuetan murgildu zen. Love on the beat (1985) bere diskorik salduena izan zen, eta honek ere ez zion polemikari itzuri egin, Lemon incest kantuaren bideoan bere alaba Charlotterekin ohean agertu ondoren.
Musikariaz gain, aktorea ere izan zen eta lau film zuzendu zituen: Je t'aime... noi non plus (1975), Équateur (1983), Charlotte for ever (1986) eta Stan the flasher (1990).
Serge Gainsbourg 1991ko martxoaren 2an hil zen, bihotzekoak jota.


GAINSBOURG





Kontzertuak





Hemeroteka


Biografia


ARTISTAK
· 7 SÓIS 7 LUAS
· BELCEBLUES
· BIDE ERTZEAN
· BLUEDAYS
· CONXITA
· COOL CIRCUS
· ERRABAL JAZZ JAIALDIA
· EL DOGHOUSE
· ESNE BELTZA
· GABY JOGEIX
· GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
· HOTSAK DANTZAN
· JJBAND
· J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
· JERONIMO MARTIN TRIO
· JOSERRA SENPERENA
· JUAN DE DIEGO TRIO
· KANEVSKY
· KARELEAN
· KATAMALO
· KEMEN LERTXUNDI
· KOKEIN
· LOS CORONAS
· LOS REYES DEL K.O.
· MAMBA BEAT
· MARTA SANCHEZ TRIO
· MORAU
· OSTOLAZA ETA PUJANA
· PETTI
· ROGELIO BOTANZ
· SEÑOR NO
· SEXTY SEXERS
· SPECIAL 20
· SURFIN KAOS
· TAPIA ETA LETURIA
· TERELA GRADIN QUINTET
· THE BLIND LEMONS
· THUNDER EXPRESS
· TIGER! TIGER!
· TRES MIL HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· UEK
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Euskal Herria) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

ES EN FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du