Gaby Jogeix Steel The Blues
Soraluzeko disketxeak beltzerako apustuan segitzen du, blues talde eta sortzaileei arreta berezia ipiniz. Hori da elementu nagusia Steel the blues honetan. Izenburuaren hitz jokoak adierazten duen bezala, musikari bizkaitarraren doinuetan oinarrizkoa da gitarra elektrikoa, Telecaster delakoaren soinu kaskarina batez ere. Teknika bikaina dauka, Stormy Monday eta, batez ere, Jimi Hendrixen Voodoo Chile klasikoari heltzeko adorea eman diona, baita lan zail horretatik onik ateratzeko modua ere. Diskoa gitarra erakustaldi hutsa bihurtzea saihestuz, Jogeix osagai bakoitza bere tokian eta ondo neurtuta sartzen aritu da bigarren lan honetan: slide ukitua hemen, Texasko eskolako blues geldoa han... Eta ahots lanak ere (genero honetan zailena) ederki bete ditu.
Asier Leoz - Berria 2007-03-15
|