EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTAK

ALBISTEAK

KONTZERTUAK

KONTRATAZIOA

DISKOETXEA

DENDA


Errabal (Jazz)

Blues

Literatura

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Harpidetu boletinera


 Bat-batekotasunak duen freskotasuna biziki baloratzen dugu
Hemeroteka
Bat-batekotasunak duen freskotasuna biziki baloratzen dugu


Musikale › Egin Kontu

Four Friends
Bat-batekotasunak duen freskotasuna biziki baloratzen dugu Hasiberriaren ilusioa oholtza gaineko eskarmentuarekin nahastuz gero, Four Friends emaitza lortuko duzu. 1996. urtean, musika munduan ibilbide luzeko lau musikarik bat egin zuten, bide berriak jorratu nahian. Azken batean, musikarekin gozatzeko asmoz, lau lagunen bilkura. Horrela sortu zen Four Friends. Gaztelupeko Hotsak zigiluarentzat karrikaratu duten bigarren diskoa den Dzangaren inguruan mintzatu gara Eneka Albizu taldeko gitarra jotzailearekin.

Taldekide guztien ibilbidea begiratuz, rock eta punk sustraiak sumatzen dira non-nahi. Zergatik aldatu duzue musika era eta Four Friends sortu?
Four Friends osatzen dugun oinarrizko taldekideok 80ko hamarkadan ekin genion musikari. Ondo asko jakina denez, garai hartan, Euskal Herrian batez ere, alde batetik folk oinarriko bakarlari eta taldeak zeuden, eta, bestetik, plazak alaitzen zituzten talde polibalenteak. Azkenik, punk eta rock taldeak (RRV etiketapean sortutakoak, gehienak) aritzen ginen. Guri azken horretan tokatu zitzaigun ekitea, hori baitzen gure inguruko musikaren egoera (jendarteak bizi zuen egoerari erantzuna emanez). Hartara, Nahaste Borraste eta La Secta taldeetan aritu ginen gutariko batzuk. Harrezkero, ia 20 urte pasatu dira, ordea, eta, urteotan, musika jotzen pixka bat gehiago ikasi dugu, heldutasun pertsonal eta musikal handiagoa eskuratu dugu, eta egun ditugun musika asmoak ere aldatu egin zaizkigu. Uste dugu normala dela, garai hartako gehienei ere aldaketa iritsi zaie. Bizitzaren legea da… Edonola ere, oraindik ere astintzen diogu musika astunari noizean behin.

Lau musikarik osatu zenuten taldea hasiera hartan. Gaur egun berdin jarraitzen duzue, edo kide gehiago sartu dira. Lan berria kalean izaki, nolakoa izango da jendaurrean egingo duzuen eskaintza?
Funtsean, lau kideko taldea izan gara azken urteotan, baina ibilbide honetan hainbat lagun izan/egin ditugu, eta haiek partaidetza egonkorra izan dute proposamenean. Egun, sei lagunek parte hartzen dugu emanaldi gehienetan. Oinarrizko formazioari, hots, bateriak, baxuak eta gitarrak osatutakoari, saxoa, klarinetea eta ahotsa erantsi dizkiogu. Beraz, musika aldetik, uste dugu emaitza nahiko aberatsa lortu dugula.

Bilbop izan zen zuen aurreneko lan luzea. Zein dira bi diskoen arteko ezberdintasun nabarienak? Lehen maketak kontuan izaki, zein izan da taldearen garapena?
Bakoitzean heldutasun, seriotasun eta lan gehiago adierazten duten ekarpenak dira. Beti saiatu gara gure ahalmenaren mugan jarduten. Ia 10 urte daramatzagu asteroko probasaioetan, eta 70 emanaldi inguru egin ditugu ibilbide horretan. Horrek guztiak hondarrak uzten ditu, eta diskoa lanaren isla da. Grabaketa orduen kopurua eta nahasketarako beharrezkoak diren orduen kopurua hazi egin dira prozesu honetan zehar. Bestelako balorapenak egiteko, entzuleei galdegin beharko genieke, interpretearen eta entzulearen ikuspuntuak ezberdinak gerta daitezke eta.

**Argitara ematen duzuen azken lanak Dzanga izena darama; zuen musikan murgiltzeko gonbitea da…**
Hori interpretazio bikaina… Gonbitea luzatzen diogu edonori, gurea dastatzeko. www.fourfriendsmusic.com webgune berrian, taldeari buruzko informazioaz gain, gure musikaren adierazgarri diren zenbait kanta jaits daitezke, eta haietan murgildu, hain zuzen ere. Hortik aurrera, bakoitzak ikusiko du blai eginda dagoen edo hotzegi gelditu den…

Disko berria egiteko, Tio Peten estudioetan sartu zineten berriro: era berean, Jose Lastra izan duzue disko honetan teknikari, aurreko lanean bezala. Jakinik Jose Lastrak grabatzen dituen diskoen gehiengoak rock musikan oinarritzen direla, ez zenuten beste teknikari bat begiratzeko asmorik, zuen girora gehiago hurbiltzen zena edo?
Tio Petenen grabatu ditugu bi diskoak, zenbait arrazoi direla medio: instalazio eta ekipamendu ezin hobeak, hurbiltasun fisikoa, tratua, eskarmentua, gure musika eta asmoak hasieratik ulertu izana, haiekin lehenago ere lan egin izana… Beste inon ez genituen baldintza horiek guztiak beteta.

Orain arte Lastrak egin duenarekin oso pozik gaude. Are gehiago, gure proposamenarekin gozatu egiten duela esango nuke… nabaria da. Berak disko bakoitzaren nondik norakoa bikain bereganatu du eta, hortik aurrera, egokitze lan izugarria egin du gurekin.

Dzanga, Four Friends taldearen diska berria Aurreko lanean bezala, bertsio mordoa sartu dituzue lan honetan. Zein da arrazoia, kantu propioen falta, edo bertsio zaleak izatea?
Hasieratik gure kantak sortu ditugu, eta, emanaldietan, kantuen erdiak gureak izaten dira. Gure ekarpena egiterakoan, batez besteko maila kontuan hartzen dugu. Zer da hobea, kanta propioekin osatutako hala-nolako disko bat egitea ala norbere kanta egokienak inoren kanta bikainen bertsioekin osatutako lan bat egitea?

Lehenarekin, egilearen lana areagotzen da, baina, tamalez, meritu handia izan arren, disko oso gutxi daude goitik behera bikainak. Oso zaila da bederatzi edo hamabi kanta borobil egitea. Beste aukera bat da guk egiten duguna. Gauza bat azpimarratu nahi nuke. Gure interpretazioek pertsonalizazio lan handia dute. Guk ez ditugu besteen bertsioak haiek egin dituzten bezala egiten, kasu batzuetan gai izan arren. Entzun bestela gure musika, eta esan ondoren…

Lehen aldiz, gainera, ahotsa sartu duzue zenbait kantutan. Talde barnean bide berriak irekitzeko, ala proba hutsak soilik?
Aspaldiko irrika zen hori. Saioak eginda genituen beste kantari batzuekin, baina, alde batetik, gai ginen musika era instrumentalean itxuraz egiteko, hau da, ez genuen benetako beharrik. Eta, bestetik, ez genuen lortu behar bezalako integrazioa. Taldekide berri bat proiektuan sartzerakoan, gaitasunak, itxaropenak, izaera, eta abar, kontuan hartu behar dira. Integratu egin behar dira, elkarlana ongi gauzatzeko. Badirudi lortzen ari garela. Benetan pozik gaude Izar Herranen ekarpenarekin. Uste dugu, abeslariarekin, era instrumentalean iritsi ez garen tokietara iritsiko garela. Musika instrumentalak ez baitu entzule gehiegirik.

Denok batera egin duzue grabaketa estudioan. Probasaioen lokaletik kantuak prestaturik eraman arren, inprobisazioak leku izan du lan honetan. Zenbateko garrantzia ematen diozue bat-bateko irudimenari?
Maiz, jazz taldea garela esan ohi dute, inprobisazioak egiten ditugulako eta jazz hizkuntza erabiltzen dugulako zenbait alditan. Horrek isla du gure lanean. Bilbopen eta Dzangan dauden gitarra solo gehienak grabaketan inprobisatutakoak dira. Elkarrekin jo eta grabatzeak duen berotasuna eta inprobisazioek duten freskotasuna biziki baloratzen ditugu. Jakina, perfekzio aldetik galdu egiten da, baina dinamika askoz hobea da eta musika edukiak esanguratsuagoak. Hori oso argi daukagu.

Zuen kantuen moldaketak ere egiten dituzue. Gogoko duzue zuen kantuekin jolastea?
Bai, gure kantu gehienak denboran zehar eraldatu egiten ditugu. Musikarekiko ikuspegia aldatzen bazaizu, kantekiko ikuspegia ere aldatu egiten da.

Gaztelupeko Hotsak zigilua eskertzen duzue diskoko kredituetan. Merkatuak bizi duen krisia kontuan izaki, eskertzekoa izango da diskoetxe baten babesa izatea.
Gaztelupeko Hotsak-ekoei gurekiko duten adeitasuna estimatzen diegu. Egun ez dago oztoporik autoedizio txukunak egiteko, baina horiek ez dute harrera onik izaten esatarien artean eta musika programatzen dutenen artean. Jakina, salmenta puntuetara ez zara inolaz ere iristen autoedizioekin. Haien elkarlanari esker, hori guztia lor genezake.

Jakina, gure musika ez da irrati formuletan sartuko, eta ez dugu SGAEko eskubide oparorik kobratuko. Zabalpen sarean saldutakoaren ekarpenak ere ez zaizkigu iritsiko. Hotsak-ekoek ez dute errentagarritasun ekonomikorik izango gure proiektuarekin. Baina haiek eta guk dugun zaletasun eta adorea dela medio, musika munduan nolabait nabarmenduz jarraitzeko aukera daukagu.

Diskoa gauza bat da, baina nolakoa da Four Friends bezalako talde batek duen kontzertu zirkuitua?
Guk gogoko duguna zera da: neurri txiki-ertaineko lokalak, jendearekiko hurbiltasuna posible egiten dutenak. Norbere ekipoaren soinua ahal den neurrian zuzenean eskaintzea posible egiten dutenak. Hori guztia ezinbestekoa da. Areto eta eszenatoki handietan jendetza ikusten duzu, baina ez dituzu pertsonak bereizten. Beste batzuek maneiatzen dute kanpoko eta barruko zure soinua.

Hurbiltasuna eta zuzenean jardutea oso garrantzitsua da komunikazioarentzat. Are gehiago, inprobisazioari eta sentimenduak azaleratzeari lagundu egiten dio hurbiltasun fisikoak. Nahiago ditugu entzuleengandik gertu egotea posible egiten duten horiek, eta horietan egoten saiatzen gara. Edonola ere, jaietan eta eszenatoki handietan ere ibili izan gara.
Asier Aramendi


FOUR FRIENDS





Kontzertuak


Argazkiak


Hemeroteka


Ibilbidea


Webgunea


ARTISTAK
· 7 SÓIS 7 LUAS
· BELCEBLUES
· BIDE ERTZEAN
· BLUEDAYS
· CONXITA
· COOL CIRCUS
· ERRABAL JAZZ JAIALDIA
· EL DOGHOUSE
· ESNE BELTZA
· GABY JOGEIX
· GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
· HOTSAK DANTZAN
· JJBAND
· J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
· JERONIMO MARTIN TRIO
· JOSERRA SENPERENA
· JUAN DE DIEGO TRIO
· KANEVSKY
· KARELEAN
· KATAMALO
· KEMEN LERTXUNDI
· KEU AGIRRETXEA
· KOKEIN
· LOS CORONAS
· LOS REYES DEL K.O.
· MAMBA BEAT
· MARTA SANCHEZ TRIO
· MORAU
· OSTOLAZA ETA PUJANA
· PETTI
· ROGELIO BOTANZ
· SEÑOR NO
· SEXTY SEXERS
· SPECIAL 20
· SURFIN KAOS
· TAPIA ETA LETURIA
· TERELA GRADIN QUINTET
· THE BLIND LEMONS
· THUNDER EXPRESS
· TIGER! TIGER!
· TRES MIL HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· UEK
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Euskal Herria) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

ES EN FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du