ITOIZ, THE CLASH, RAMONES ETA PUBLIC ENEMY ALBISTE DIRA BERRIRO. HAIEI BURUZKO LIBURUAK ARGITARATU DITU GAZTELUPEKO HOTSAK ETXEAK
Beste hizkuntzetan bai, baina euskaraz ez genuen musika taldeei buruzko irakurgairik. Premia ikusi genuen, eta Bosgarren Haria proiektua sortu zen. Horrela aurkeztu zituen Joxe Felix Azkarate Xarra Gaztelupeko Hotsak disketxeko arduradunak argitaratu berri dituzten liburuak. Jon Eskisabelek Itoiz hari xingle bat liburua idatzi du; Asier Leozek Public Enemy beltzegi, indartsuegi; Gotzon Hermosillak Ramones familia maitagarria; eta Paddy Rekaldek *The Clash, punk, rockâ'nâ'roll matxinada*.
Paper Hotsak duela bi urte sortu zuten, Gaztelupeko Hotsaken baitan, baina poesia eta bertso liburuak baino ez zeuden. Bosgarren Harian "datu objektiboak idazlearen ikuspegitik", eman nahi dituzte, eta helburu batzuk finkatu zituzten hasieratik: itzulpenak ez izatea, sakelako liburuak izatea eta didaktikoak baino gehiago dibulgaziokoak egitea. Irakurterrazak dira, eta ikuspegi historiko-kritikoa bildu nahi izan dute. Idazleak pozik daude, eta, Asier Leozen hitzetan, hutsune handia dago, eta hutsune hori euskaraz dago; bilduma hau proiektu eder baten hasiera gisa ikusten dut. Dokumentazio grafikorako El Tubo eta Musikaria-ren artxiboa erabili dute. Koldo Izagirre idazleak gainbegiratu eta zuzendu ditu. Bosgarren Haria abian da, beraz. Asier Leozek esan bezala, proiektu bati aurre egiteko modurik onena hastea izaten da; ezin da bizi osoa planeatzen ibili.
JON ESKISABEL: Euskal pop mitikoa
Bilduma honen ideia azaldu ziotenean, hasieratik ikusi zuen halako zerbaiten beharra. Itoizen izena etorri zitzaion berehala, euskal musikan eta pop musikan izan zuen garrantziagatik eta taldearen 14 urteko ibilbideagatik.
Liburua gehienbat elkarrizketen bidez egina dago: taldekideak, managerrak, lagunak... Idazlearen hitzetan, "ez da musika liburu bat, ez baitago taldearen musikari buruzko saiakerarik". Hemeroteketara jo du diskoek izandako harrera jakiteko. Taldekideen elkarrizketak gertutik egin ditu; biografia eta gorespen hutsean geratu gabe. "Talde arrakastatsu baten istorioa kontatu nahi nuen".
Liburuak bi zati ditu: lehena, Indar Trabes taldea sortu zenetik Alkolea diskoa kaleratu zuten arte; eta bigarrena, Musikaz Blai diskotik 1988an taldea desegin arte. Itoizek bere 14 urteetan lehen eskutik bizitako bilakaera kontatzen du Itoiz, hari xingle bat liburuak.
GOTZON HERMOSILLA: Historiaren aldatzaileak
Historia aldatu zuten; rockaren norabidea. Ramonesek bezala gutxik lortu dute estilo berria sortzea, eta, ondorioz, gaur egun mundu osoko milaka taldek imitatzen dute hauek eginiko bidea. Punkaren aitzindari, asmatzaile eta taldeerik esanguratsuena Sex Pistols eta The Clash-ekin batera.
Barakaldoko idazleak batez ere taldearen filosofia azpimarratu nahi izan du: alaitasuna, nerabezaroko bizi-poza, amorrua eta oldartzeko gogoa. Bere ustez, Harkaitz Canok ezin hobeto zehaztu zuen taldea "nerabe eternoak" esan zuenean.
Ramones familia maitagarria liburuan oreka zaintzen saiatu da. "Oso gustuko talde bati buruz idaztean, fantzineetatik, bideoetatik... informazioa metatzen hasi eta arriskua dago liburua zu bezalako gaixoentzat bakarrik egiteko". Informazio asko eman arren, irakurterraza izan dadin saiatu da. An American Band edo On the road with the Ramones ingelesezko liburuak ez itzultzen saiatu da. Euskal Herrian lehen kontzertua jo zuenean joandako jendearen iritzi eta testigantzak bildu ditu Hermosillak.
Ramonesek Euskal Herrian izandako eraginari buruz hitz egiten du, eta hainbat kanturen hitzak euskaraz daude liburuan. "Ramonesen historia geuretik kontatuta", esan zuen idazleak bere lanari buruz. Sakelarako, gazte eta zaharrentzat eta lehen aldiz taldera jotzen dutenentzat egin nahi izan du liburua. Nuevo Catecismo Catolico taldeko baxulari Gonzalo IbaÃąezen laguntza izan du.
PADDY REKALDE: Matxinatuen doinuekin bat
Liburua idazteko proposamena iritsi zitzaionean, The Clash taldea aukeratu zuen, gertuko gelditzen zitzaiolako. Ez da Rekaldek idatzi duen lehen liburua. Hainbat bildumatan parte hartu du, eta aldizkarietan kolaboratzen du idazle honek.
Eleberria idatzi ahala, konturatu zen ez zuela liburu "osoa" egin nahi, eta atalak ez ditu osorik kontatu. Ez ditu xehetasun asko eman; irakurleari arrastoak eman dizkio liburuan. Irakurleak atal jakinei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, bibliografiarekin osa ditzake.
The Clashen sorrera, bere garaian bizi zuten giroa, disketxeekin izandako gora-beherak, diskoek izan zuten harrera, kapitulu eta kapitulu artean kantuen letra zatiak eta askoz gehiago aurki dezake irakurleak. Betiere, The Clash zale amorratu baten ikuspegi kritikotik.
ASIER LEOZ: Poligonoaren beste alde bat
Hutsune bat beteko duen liburu bat idatzi nahi izan du. Beste hiru liburuak zeintzuk ziren bazekien, eta hiru talde horietan egun oraindik eraginkorra izan daitekeen musikaren isla ikusten zuen. Buruan talde asko izan arren, "poligono batek zenbat eta alde gehiago izan hobe delakoan", Public Enemy aukeratu zuen. Kosta egin zitzaion nondik hasi erabakitzea: "Musikazalea izanagatik, mugak zaindu behar baitira beti". Libururik inoiz idatzi ez izanak buruhauste handiak ekarri zizkion, baina Koldo Izagirreren laguntza izan du zalantza horietan.
Public Enemy beltzegi, indartsuegi-n, joeraren aurka hasi eta gero merkatuak bereganatu duen talde bat da mintzagaia. Taldeak beltzen "nazioa" erakusten du, eta disko jartzailea taldetzat hartu zuen lehenari omenaldia egin nahi izan dio idazle bilbotarrak.
|