DONOSTIA. DV. Gaztelupeko Hotsak disketxeak beste liburu-bilduma bati eman dio hasiera, Bosgarren haria deritzaiona. Musika-taldeei buruzko liburuak dira eta lehenengo laurak kalean dira jadanik, hiru kazetari espezialduk eta idazle batek idatziak: Itoiz, hari xingle bat (Jon Eskisabel), Ramones, familia maitagarria (Gotzon Hermosilla), Public Enemy, beltzegi, indartsuegi (Asier Leoz) eta The Clash, punk, rock'n'roll & reggae matxinada (Paddy Rekalde). Koldo Izagirre idazleak egin ditu zuzenketa lanak.
Honela azaldu du bildumaren nondik norakoa Joxe Felix Azkarate Xarra Gaztelupeko Hotsak disketxearen kideak: Bilduma hutsune bat betetzera dator. Aspaldi konturatu ginen ez zegoela irakurgairik euskaraz, eta hainbat musikazalerekin hitz egin ostean erabaki genuen proiektu honi heltzea.
Liburu dibulgazio mailakoak eta irakurrerrazak egin dituzte; tamaina txiki samarrekoak, sakelakoak. Jon Eskisabel Berria-ko Kultura Saileko arduradunak adierazi duenez, ez zuen idatzi nahi «Itoizen gorespen hutsean geratuko zen biografiarik».
Hermosillak Ramonesi buruz egin duen liburua, berriz, ez da beste hizkuntzetan eginiko liburuen itzulpena.Besteak beste, Ramonesek hemen eman zuen lehen kon-tzertuan izan zen hainbat jenderen testigantzak jaso ditu egileak.
Asier Leozek Public Enemyren inguruan egin duen liburuan dioenez, besteak beste talde honixe zor zaio disko jartzailea musikari moduan onartua izatea.
Paddy Rekalde bizkaitar idazlea The Clash taldearen jarraitzaile sutsua izan da eta, bere aburuz, «talde honen diskoak musika bidaiak dira».
|