EITB (2006/12/01)
Bosgarren Haria bildumaren azken hiru aleak dira hauek eta Joxi Ubeda, Jon Gurrutxaga eta Xabi Bordak idatzi dituzte liburu hauek
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak Bosgarren Haria bilduma iaz jarri zuen martxan. Sakelako liburuak dira, irakurterrazak, argazkiz apainduak eta dibulgatiboak.
Iaz Itoiz, Ramones, The Clash eta Public Enemy izan ziren aztertu zituzten taldeak. Aurten, berriz, Bap, Jotakie eta Rory Gallagher dira aukeratutakoak.
Joxi Ubeda (Ibarra, 1965) Berriako kazetariak idatzi du BAP: bai horixe liburua. Bere liburuan hamarkada baten kronika ere egiten da taldearen historiaz gain, gaztetxeak, fantzineak, irrati libreak, okupazioa eta hainbat borroken garaia izan zen hura eta hori ere bildu nahi izan da liburuan.
Rory Gallagher: Kemena eta leialtasuna, Jon Gurrutxaga (Elgoibar, 1978) kazetariaren lehenengo liburua da. Biografia egiteaz gain, artista irlandarrak Euskal Herrian emandako bost kontzertuen kronikak egin ditu Gurruk. Horretarako, garaiko testigu ezagunen gogorapenak bildu ditu, baita Gallagher anaia eta manager izan zenarenak ere.
Jotakieren inguruko liburua Xabi Borda (Azpeitia, 1981) kazetari eta ikasleak idatzi du. Liburua egiteko, Borda protagonistengana joan da eta denbora gehiena dokumentazio lanean eman du, elkarrizketa mordoa egin baitu.
Bada, musika eta irakurzaletasuna uztartzeko aukera dugu Gaztelupeko Bosgarren Hiria sail honi esker: Jotakie, Rory Gallagher eta Bap-i buruzko liburuak prest ditugu ta!!
|