DAVID CARRERAS, Bat Gehio taldeko kidea
-Nola eta noiz sortu zen taldea?
Bartzelonan ezagutu genuen elkar, 1999. urte amaieran-edo, Borne auzoan. Gutariko batzuk hiriko euskal taberna batzutan egiten genuen lan, eta Bartzelonako Euskal Etxean nahikoa ibiltzen ginen. Gure artean hasi ginen berbetan, batek bateria jotzen zuela, besteak abesten zekiela… ados ipini eta entsaiatzen hasi ginen.
-Taldekideak euskaldunak zarete, katalanak, edo nahastuta zaudete?
Taldean lau euskaldun daude: Julen Cobos abeslaria eta taldeko ‘alma materra’, Eneko Narbarte (Aranokoa), Guillermo Trujillano (Amurrio), Gorka Ramírez (Donostiako Egia auzokoa), Irene Sansalvadó (Bartzelona), Juan Antonio Guerra (Bartzelona) eta ni Menorcakoa naiz. Horregatik ipini genion diskoari Diaspor Han, kultura ezberdinetako eragina erakusteko. Azken batean pixka bat diasporan gaude, etxetik, lagun eta familiarengandik urrun. 
- Horrek eragina dauka egiten duzuen musikan, ezta?
Ez zen aldez aurretik izan, baina hasieratik flamenkoko kutxarekin, abestietan flamenkoko gitarra sartzen, estilo ezberdinak lantzean behin nahasten. Gero, denborarekin abestiak hazten zihardutela ikusi eta grabatzeko aukera eduki genuenean, oso musikari onak diren eta flamenkotik datozen gure lagunei deitu genien, eta gauzak nahastu genituen, besteak beste jazzarekin, Gorka Benitez eta Juan de Diego moduko musikariekin. Horrek ez du esan nahi flamenkoa egiten dugunik, flamenkoa niretzat hitz potoloak dira. Hala ere, egia da bizpahiru rumba euskeraz abesten ditugula eta oso flamenkoak direla. ‘Dirua’ izenburuko kantak, adibidez, ‘soleás’ bidezko sarrera dauka, Dani Figueras gitarrajoleak egiten du eta oso polita da.
- Zergatik euskeraren aldeko apustua Euskal Herritik kanpo egonda?
Julenen eraginez izango da, berak idazten dituelako abestiak eta berak erosoago ikusten du bere burua euskeraz, ama hizkuntzan idazten. Berak abestiak idatzi eta defenditu egiten ditu eta guk, berriz, nolabait musikatu egiten ditugu.
- Nolatan sortu zaizue Korrikan parte hartzeko aukera?
Zerrenda batzuk daude taldeek euren izenak emateko. Guk izena eman genuen eta deitu egin ziguten. Diskoa kaleratu dugunetik taldea hazten joan da azken 7 edo 8 hilabeteotan eta Euskal Herrian ere ikusmina sortu du. Taldea Bartzelonan egoteak, euskeraz abesteak, gitarra flamenkoak nahasteak, musika moten nahasketak… jendea erakarri egin du.
- Zuentzat zer da Korrika?
Egia esateko, galdera honi Julenek erantzun beharko lioke. Nik dakidanez, euskal hizkuntza, kultura eta musikaren eskubideen alde egiten den zirkuito modukoa da, Euskal Herriko herrialde guztiak zeharkatzen dituen zirkuitoa. Hemen egiten den ‘Correllengua’ delakoaren pareko zerbait. Alde horretatik, gu euskal hizkuntza eta musikaren babesle izango ginateke, Euskal Herritik kanpo egonda ere.
- Gaur gaueko kontzerturako zer prestatu duzue?
Errepertorio erdi akustikoa prestatu dugu. Bateria ere ekarri dugu lauzpabost abestirendako, baina batez ere akustikoak izango dira abestiak. Juan Flores perkusiojolearekin gatoz, gitarrajole flamenkoarekin eta, horrez gain, talde osoa etorriko da. Baxuarekin neska bat dator, lana dela eta Juan ezin izango delako etorri. Kontzertua erdi akustikoa izango da, baina eszenatoki gainean 9 musikari egongo gara eta kontzertu ona egitea espero dugu.
Bat Gehio entzun eta inor gutxiri bururatuko zaio taldea euskalduna ez denik. Izena euskeraz dute, abesti gehienak euskeraz dauzkate, partaideetako batzuk euskaldunak dira, baina taldearen egoitza Bartzelonan dago. Gainera, jazzaren eta flamenkoaren ikutuak dauka euskal hitzez osatutako abesti bildumak. Diaspor Han izenburuko diskoa Gaztelupeko Hotsak-en eskutik kalean denetik gero eta ezagunagoak bihurtu dira euren doinuan. Gaur gauean, Korrika Kulturalaren barruan, Amaña Kultur Aretoan kontzertua emango dute 22.30etatik aurrera. Ekitaldia AEK Euskaltegiak eta Eibarko Udalak antolatu dute eta sarrerak 3 euro balio du.
|