Melodia lasaiei eman die lehentasuna Atomoog taldeak Zerutik eskegita lehenbiziko diskoan
ivan santamaria - GASTEIZ
Zigarro bat erreko dut / ezer ez egiteko / Zigarro bat erreko dut / burua aske uzteko. Erretzailea izan edo ez, begiak ixteko eta ezer ez egiteko, burua askatzeko gonbita da Atomoog taldearen musika. Elektronikaren alderik basatiena albo batera utzi eta melodia lasaien alde egin du Gasteizko hirukoteak Zerutik eskegita lehenbiziko diskoan (Gaztelupeko Hotsak).
Estreinaldiak ez du esan nahi hasiberriak direnik. 1998. urtean sortu zen Atomoog. Hain zuzen ere, Iker Rodriguezen ekimena izan zen. Hastapenean elektronika zen jaun eta jabe. Letra gutxi zeuden, eta ingelesez. Ondoren, Kattya Arenzanaren ahotsa sartzen hasi ziren abesti batzuetan. Biak Iker Ormazabalekin elkartu zirenean beste norabide bat hartu zuen taldeak.
Coldcuten Atomic Moog 2000 abestiari zor diote izena. 2000. urtean maketa bat ekoitzi zuten. Pare bat urtez beste proiektu batzuetan murgilduta egon eta gero, 2002. urtean abestiak konposatzeari ekin zioten berriro, eta orduan euskaraz. Zerutik eskegita lau urtez lokalean egindako lanaren emaitza da.Pop, rock, jazz eta ia musika estilo guztiak hurbildu dira elektronikara. Gutxiago dira, batez ere Euskal Herrian, makinen soinua oinarritzat hartuz banda bat sortu dutenak. ĢElektronikaz hitz egiten denean DJak, techno musika eta horrelakoak etortzen zaizkio jendeari burura. Mundu honetan jende ugari ari da lanean, baina gutxi entzuten daģ, azaldu zuen Iker Rodriguezek diskoaren aurkezpenean.Ez du Gaztelupeko Hotsak disketxeak sustatu ohi dituen ekoizpenekin zerikusi handirik. Hala ere, entzun, gustatu eta Atomoogi diskoa grabatzeko aukera ematea erabaki zuten disketxekoek. 12 abesti dira: zazpi euskaraz, bat ingelesez eta lau instrumentalak. Aitor Amozarrain arduratu zen nahasketaz eta masterizazioaz.Makinen soinua da oinarria, baina soinu hori natural bihurtzea izan da hirukotearen asmoa. Gitarrak eta bateriak makinei laguntzea nahi izan dugu, eta efektu dezente sartu. Nahasketa hortik dator, zehaztu du Rodriguezek. Programazioaz gain, bateria jo du berak. Iker Ormazabalek, berriz, gitarra jo du, eta Kattya Arenzana ahots nagusia da. Diskoan lankidetza ugari izan dituzte, hala letrak idazteko nola tresnak jotzeko. Biolina, txirula edo baxua entzuten dira abesti batzuetan.Azken boladan laugarren kide bat ere gehitu zaio Atomoogi: Beņat Fontaneda. Taldearen klipak eta zuzenekoetan ikusten diren proiekzioak egin ditu Fontanedak. Diskoa besapean gaur eta etzidamu Gasteizen joko dute. Maiatzean Gorlizen, Leitzan, Soraluzen eta Baionan izango dira, eta ekainean, Hendaian.
Berria 2006-04-27
|