Ez dute gauza berririk egin nahi, sortu nahi, eginda dagoenarekin gozatzen dute, rock and rolla jo nahi dute, besterik ez. Hitz hauekin azaldu dute Aterkings taldekoek zertan datzan, gaur bertan Hotsak-eko Xarrarekin batera, aurkeztu duten Aterqueens izeneko lana.
Aterkings taldean Iņigo Goikoetxea (ahotsa), Mikel Txurruka (gitarra eta koroak), Iker Etxebarria (baxua eta koroak), Martxelo Mendizabal (bateria) eta Alberto Gonzalez (gitarra eta Hammond organoa) musikari lotsabakoak daude. Eta lotsabako hitza erabiltzen dugu disko berriaren portada ikusi dugulako. Itzela da. Ramones taldekideen posea hartuta agertzen dira portadan, euren esanetan antzeko estiloa gordetzen baitute, estilo golfoa, jarrera ere antzekoa. Eta helburua ere antzekoa izango da, Aterkings taldeko kideentzat musika ondo pasatzeko zaletasuna baino ez da. Hamar kantu berri aurkeztu dituzte Aterqueens honetan, eta esentzian esan dezakegu berdin segitzen dutela, letxe txarreko punk-rocka egiten.
Diskoa Kike Turmixi dedikatu diote, bera izan baitzen taldeari lehen bultzada eman zion pertsona, eta horretarako Pleasure Fuckers taldearen Ripped to the tis izeneko kanta bertsionatu dute. Honetaz gain, Ramones, Sonics eta Stoogesen aztarnak ere antzeman daitezke lan berri honetan. Rock puroa eta energiaz beterikoa dakar Aterkings taldeak.
Diskoa Amorotoko Musikortan grabatu dute Lastraren laguntzarekin. Kantak bizkaiera hutsean eta ingelesez daude, eta gehiago jakin nahi baduzue, diskoa erosi edota abendura arte itxaron beharko duzue, disko hau aurkezteko Markinan egingo baitute kontzertu potente bat.
|