MUSIKA
2006/11/21
Aterqueens-en New York Dolls eta Ramonesen taldeen eragina nabaria da.
Markinako taldearen bigarren lan honetan erreginen txanda heldu da, izan ere, diskoak Aterqueens du izena. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin elkarlanean atera du Aterkings taldeak Amorotoko Musikorta estudioan grabatutako azken lan hori. Aurreko lanaren (Rock and Roll) jarraipena da bigarren hau baina, Joxe Felix Azkarate "Xarra"ren ustez, lan helduagoa eta biribilagoa da.
- urtean sortu zuten taldea Markina eta Elgoibarreko musikariek. Hastapenetan ondo pasatzea zen helburua eta ez zuten diskorik grabatzeko asmorik. Hala ere, jarraitzaileen eskariz, maketa grabatzea erabaki eta beren burua ezagutzera eman zuten. 2005ean lehen lana heldu zen, Urdulizko Tio Pete estudioan grabatutako Rock and Roll; 60ko hamarkadako garajea, punka eta rock-and-rolla uztartzen zituzten abestiak jaso zituzten disko horretan.
Aterqueens-en euskaraz abestu dute gehienbat, baina ingelesezko eta gaztelerazko kantak ere badaude. New York Dolls eta Ramonesen taldeen eragina nabaria da disko horretan, bai barrutik, bai kanpotik, diskoko azaletan bi talde horien antzera paratu baitira; diskoa aurretik beste batzuek asmatutakoaren kopia hutsa dela azaldu zuen boskoteak.
Rock and Rollak jorratzen dituen ohiko gaiak landu dituzte Aterqueens diskoan: behe-auzoetako mutil arazotsuak, neska gaiztoak, alkohola, gaua, etsaiak... Seņor No taldearekin batera emango dute diskoaren lehen aurkezpen kontzertua Markinako Uhagon kultur etxean, abenduaren 30ean. Boskotearen hitzetan, zuzeneko emanaldiak diskokoak baino hobeak dira; urtarriletik aurrera Euskadin zehar hori frogatzen egotea espero dute. Horrez gain, Madrilen eta Asturiasen kontzertuak emateko asmoa dute.
Inprimatu Lagun bati bidali
|