Markinarrak dira guztiak, edo ingurukoak bai behintzat, eta hizkeran nabaritzen zaie bizkaiera ederrarekin gozatzeaz gain, rockarekin ere flipatzen dutela. Horrelakok dira Aterking taldekideak. Iņigo Goikoetxea da kantaria, Alberto Gonzalez eta Mikel Txurruka gitarra- joleak, Iker Etxebarria baxua eta Martxelo Mendizabal baterian aritzen da.
Lagun taldea da hau, musikazaleak eta rock-zale hutsak. Hasieran bertsioak egiten bazituzten ere, arin ekin zioten testu propioak egiteari eta musikatzeari.
Aurtengo otsailean grabatu dute, Urdulizko Tio Pepe estudioetan euren lehen lan hau, Jose Lastraren laguntzarekin. Disko berri honetan 16 kantu arin, zuzen eta potente aurkituko dituzue eta tartean bertsioren bat. Diskoan gitarrak oso nabarmenak dira, rock estilo klasikotik hurbil, antzinako maisuak goretsiz eta gaurkotuz. Ez dute musika berri asmatuko, ez eta indarrean dagoen baten esperimentazioak egingo; rocka egiten dute, eta dagoen onena, zuzena, freskoa eta intensoa. Aterkings biluzik agertzen da lan honetan.
Eta hala erakutsi nahi dute kontzertuetan, diskoa eta zuzenekoen artean ez baitago alde handirik. Xixonen eta Bermeon egin dute duela gutxi disko honen aurkezpena eta datorren larunbatean Madrilera doaz.
Ondo pasatzeko eta bizitza aprobetxatzeko kantuak egiten dituzte, hau baita euren aldarri bakarra.
Nontzeberri
|