ATERKINGS : Rock and rollaren babesa
IKER BARANDIARAN
Lasai! Oraindik badago aukera tendentzia berrien edota musika sofistikatuen ur jausietatik babesteko. Euskal Herriko punk-rockaren harrobi nagusia izandako Buenavixta desagertzear dagoen honetan, Markina inguruko haizeak ekarri du erantzuna. Halako doinuak egiten dituzten talde oso gutxi daude… are gutxiago, euskaraz… eta zer esanik ez, bizkaieraz!!!
Musika taldeetan zelanbaiteko eskarmentua zuten lagun batzuek Aterkings taldea sortu zuten 2000. urtean. Inolako lotsa bariko frontman baten atzean (edo berarengandik) ezkutatuta, dibertitzen dituen musika egiten hasi ziren. Ia ohartu barik, ezagutzera ematen hasi eta maketa grabatu zuten. Berehala zabaldu zuten, eta kontzertuak biderkatzen joan ziren.
Aurtengo otsailean, Urdulizko Tio Pete estudioan, Jose Lastra maisuaren laguntzarekin, esku artean daukazuen diskoa grabatu zuten. 16 kantu horietan rock-and-rolla aurkituko duzue (tartean, bertsio bat), jakina, baina aterkia uste baino handiagoa da, eta askoz ñabardura gehiago ditu: Pleasure Fuckers, Crime eta antzekoen pareko punk-rock bizi-bizia ostia txarrarekin; –Bob Marley inoiz ezagutu ez zuten– Waylersen eta batez ere Sonics-en tamainako garage pieza gordinak; eta baita ere kutsu glam edo stonianoagoa dutenak ere. Ekaitzaren ostean, eguzkia… badira, baita ere, lelo itsaskorragoak dituzten banaka hit! ere bai, irrati-formuletan jartzeko modukoak.
Horretarako, gitarrak oso nabarmenak dira –pedalen laguntza eskertzekoa da–; hammond-ak bere esparru garrantzitsua dauka; eta tarteka, ahotsak estilo honetako patroi klasikoetatik salto egiten du izaera bereizgarria eskuratuz, besteak beste. Igartzen da etxeko lanak ondo egin dituztela!!
|